Gorua Goiena baserria (Goine) 1783an eraiki zen Ernio mendiaren hegaletan, eta, sorreratik bertatik, ganaduzaintzan eta esnea ekoizten aritu izan dira. XX. mendearen hasieran, suak kiskalita utzi zuen jatorrizko baserria, baina ondorengo urteetan berreraiki zuten.
2005ean, José Antonio Otegui aitzindariak eta haren emazte María Jesús Hidalgok baserria eraitsi eta berriz altxatu zuten, jatorrizkoaren esentziari eutsiz. Gainera, ardi latxak hazten hasi ziren, eta, haiek emaniko esnearekin, gazta eta esnekiak egiten ere bai, artisau moduan eta urteetan ikasitakoari leial. Eta halaxe sortu zen enpresa txiki hau, zeinak produktuak dibertsifikatzearen aldeko apustua egin baitu hasieratik.
Lehendabiziko garaietan, Idiazabal jatorri deiturako gazta bakarrik egiten zuten, dela naturala, dela ketua (etxean bertan, pago egurrarekin, zeinak ke zapore leuna ematen baitio, oso markatua eta definitua, gerokoa areagotuz baina biziegia izan gabe), bai eta gazta zaharra ere. Baina, denboraren poderioz, ikasi eta berritu egin dute, ardi latxaren esnearekin produktu sorta zabala lortu arte; konparazio batera, ardi gazta freskoa, mamia, esne pasteurizatua, jogurt naturalak eta zaporedunak, behi gazta freskoa, gazta samurra, pasta egosiko gazta, boilur gazta, ardi latxa erruloa eta gazura.
GOINE ESNEKIEK mundu zabalean jaso dute aintzatespena, eta hainbat urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina eman dizkiote etxe honetako Idiazabal jatorri deiturako gaztari 2010-2019 bitarteko World Cheese Awards sarietan.